EUSK ·  CAST

ORIENTAZIO eta LAGUNTZA DEPARTAMENDUA

Orientazio psikopedagogikoa hezkuntzaren oinarrietako bat da, haur eta gazteen garapena eta hazkuntza orekatuak izatea ahalbideratzen baitu dimentsio guztietan, bai arlo akademikoan baita arlo pertsonal, sozial eta familiarrean ere. Gure ikastetxeko helburu nagusietako bat, gizartean nahiz ikastetxean bertan aurkitzen dugun aniztasunari erantzun egoki bat ematea da. La Salle ikastetxeetako Berezko Izaeraren zutabeetako bat arreta pertsonalizatua eskaintzea izanik, aniztasunari trataera egoki bat ematen saiatzea ezinbestekoa da, eskola inklusiboa sortzeko bidean.

 

Funtzio honetan eragile ezberdinek inplikatu behar dute, irakasleek, tutoreek, orientatzaileak, laguntza irakasleek, hezkuntza premia berezitako espezialistek eta laguntzaileek, baita gurasoek ere. Hori horrela, Orientazio Departamentuaren funtzio nagusia hezkuntza komunitateko kide ezberdinei laguntza psikopedagogikoa eskaintzea izango da, modu koordinatuan ahalik eta ondoen lan egiteko eta ikasleari bere garapen integralean laguntzeko.

 

Aurtengo ikasturtean, La Salle ikastetxean, orientazio eta laguntza departamendua honako hauek osatzen dute:

● Orientatzailea: departamenduko koordinazio lanak egingo dituena.

● Hezkuntza premia berezitako hiru espezialista (PT)

● Bost hezkuntza laguntza espezialistek (HLE)

● Gautenako gela egonkorreko hezitzaileak eta irakaslea.

Kontutan izan beharko dira baita ere, ikastetxez kanpo gurekin arituko diren espezialista ezberdinak ere.

 

Departamenduak talde kohesionatu bat osatzen dute, astero biltzen dira ikasleen beharrak bideratzeko pausoak zehazteko, talde hausnarketatik abiatuz. Egiteko nagusien artean honako hauek nabarmendu daitezke:

● Ikastetxeko aniztasunaren trataeran aholkularitza lana burutu.

● Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei laguntza zuzena eskaini, gela barruan nahiz kanpoan.

● Zenbait ikasleren orientazio psikopedagogikoa bideratu.

● Eskolaz kanpoko eragileek eskaintzen dizkiguten hezkuntza programak bideratu.